top of page

Ama

Egun gutxi dira joan zinela, Ama.

Sinetsi ezinka nabil; ametsa izango ahal da, amesgaiztoa

Zure etxera joan naiz eta ez zaude. Zure usaina dago oraindik.

 

Zure deiaren zain nago; beti deitzen didazu iluntzeko zortzietan,

baina gaur ez didazu deitu. Hamarrak arte itxaron dut, baina ezer ez.

Eta orduan, izugarrizko bihotzeko mina sentitu dut; orduan sentitu dut zure falta.

Benetan joan zara, Ama.

Badakit agur esan zenidala, baina nik bihar arte ulertu nizun.

Badakit elkar agurtu genuela, baina ez nuen uste betiko zenik.

Horregatik nahiko nuke berriz ere zurekin hitz egin, Ama.

Minutu bat bakarrik behar dut, bat

Edozein lekutara eta edozein ordutan joango nintzateke minutu horren bila.

Edozer egingo nuke minutu hori lortzearren.

Hunkitu egiten naiz elkarrekin geundenean gogoratzean.

Begirada eta keinuekin elkar ulertzen genuen,

askotan hitzak soberan zeuden.

Baina gaur zerbait esan nahi dizut,

hau esan nahi dizut, Ama:

 

DENA erakutsi didazu; bizitzen, sentitzen, izaten.

Sekula ez dizkizut eskerrak eman.

Erakutsi didazu aurrera egiten,

borrokatzen, datorrenari aurpegira begiratzen eta onartzen;

beldurrei, erronkei, eta, azken aldian, gaixotasunari eta heriotzari

(Zuk bazenekien hori zela nire beldurrik handiena)

Eta ez nizkizun eskerrak eman.

Erakutsi didazu barruko indarra eta sugarra bilatzen.

Baina sekula ez dizkizut eskerrak eman.

 

Erakutsi didazu eguneroko gauza txikien garrantzia;

elkarrizketak, detaileak, konpromisoa, eskuzabaltasuna, irribarrea. Eguneroko opari horiek.

Baina sekula ez dizkizut eskerrak eman.

Sekula ez dizkizut eskerrak eman

zure babesagatik, berotasunagatik eta energiagatik.

Sekula ez dizkizut eskerrak eman naizena izaten laguntzeagatik.

Zure antza izan nahiko nuke, Ama.

Zu bezalakoa izan nahiko nuke, Ama.

 

Faltan botako ditut zure mezuak, Ama, zure telefono deiak,

zure ahotsa eta zure isiluneak.

Izaten genituen elkarrizketak eta paseoak botako ditut faltan.

Zure ondoan telebista ikustea, balkoitik begiratzea.

Edo kaletik etxeko argia piztuta dagoela ikustea, eta jakitea ZU han zaudela, gure etxean.

Zure laguntza botako dut faltan.

Behar nuenean, beti, hor egon zara, Ama.

Beti prest, galdetu gabe, ezer esan gabe.

“orain ez da kritikatzeko momentua, orain laguntzeko momentua da” esaten zenuen.

Faltan botako ditut zure bisitak, baita zure haserreak ere

eta zure ilusioa, AMA, denoi kutsatzen zenigun ilusioa.

Dena botako dut faltan; Zu, AMA. Faltan botako zaitut.

Horregatik denagatik eta askoz gehiagogatik….

Zauden lekuan zaudela, eskerrik asko, Ama.

bottom of page